Bertako izaeraren erakusleihoa da, inguruarekin inplikatutakoa.
Jaso eta eman, gelditu egiten ez den dinamika daukate landuta. Egunero dago zabalik.
Ematen duen produktu aniztasunagatik da askorentzako ezaguna Orexa, baina asko dira Ostatuan otordua egiteko ere bertaratzen direnak.
Zerbitzu ugari
Izan ere, herriko pilareetako bat da Orexako Ostatua, eta gainerako eragileekin kontaktuan mantentzen da uneoro. Etengabe eskaintzen duten ostalaritza zerbitzuaz gain, herritarrentzako zerbitzu bezala kudeatzen dute ostatua, eta astean zehar, kirola egin, hitzaldiak antolatu eta bestelako askotariko jarduerak egiteko erabiltzen dute jatetxearen goiko partean dagoen aretoa, asteburuetan jatetxearen espazio bilakatzen dena atzera.
Historikoki lehen sektoreari lotuta egon da Orexa, baserriz eta larreez inguratuta. Eta hori ostatuko menuan iragartzen da, bertako jakiez elikatuta dago eta; jatetxe berezitua izan gabe ere, badira bereziki bertan dastatzea merezi duten plater eta errezetak.
Risottoa Orexako gazta urdinarekin egiten dute, Oihan Txiki kooperatibakoa. Gehien jaten den platera da, garai batean ekoizten ziren gazten zaporea gaurkotuta dakarrena.
Orexako arkume erreak ere arrakasta handia du. Eta berezia da, desberdina, sasiarkumearekin egiten delako. Sasiardia mendiak garbitzeko erabili ohi den bertako ardi mota da. Horien kumea, sasiarkumea, antxumearen estilokoa da ia, nahasketa bat. Bertako arraza autoktonoa da, ardi latxa bezala, baina basatiagoa.
Postreak ere bertakoak dira, etxean egindakoak. Flana, arroz esnea, mamia, jogurta, fruta konpota… eta Orexako gazta taula, noski. Orexako Idiazabal gazta naturala, Orexako Idiazabal gazta ketua, Orexako Anakar gazta, Orexako Gazta urdina eta Orexako Otzara gazta, dena plater bakarrean.
Bisitatu Orexako Ostatua
Orexa da produktuaren epizentroa, eta bertako produktuaren aldeko apustua garbia da jaki-eskaintza ikusita.
Telefonoa 943 68 22 90
Errebote Plaza, 1, 20490
Orexa, Gipuzkoa