← Berri guztiak ikusi
Abaltzisketa · Amezketa · Lizartza | Blog
LANDA INAUTERIAK: TOLOSALDEKO INAUTERIEN AURPEGI EZEZAGUNENA
Gehiago irakurri
Tolosaldea mundu osoan da ezaguna bere inauteri ospetsuengatik, batez ere Tolosako inauteri koloretsu eta ikusgarriagatik. Baina, horrez gain, gure eskualdean badaude beste inauteri mota batzuk ere.
Tradizio zaharrei lotutako inauteriak dira, baserri giroko herrien esentzia gordetzen dutenak.
Landa inauteri hauek Tolosaldeko hainbat herritan ospatzen dira, eta beren izaera propioa dute: puska biltzen baserriz baserri ibiltzen dira, lurra astintzen duten makil dantzak egiten dituzte, eta iraganetik jasotako pertsonaia bereziak dituzte.
Inauterien dimentsio ezberdin bat ezagutu nahi dutenentzat, esperientzia paregabea dira.
Lizartza:Kapitainak,ZaldidunaketaEspentzieroak
Lizartzako landa inauteria 1955ean berreskuratu zen, eta gaur egun ere herriko ohitura garrantzitsua da. Larunbatean, otsailak 22, baserriz baserri ibiltzen da konpartsa osoa puska-biltzen, dantzari taldea, kapitaina, sarjentua, zaldiduna eta espentzieroa (zerbitzaria).
Igandean, otsailak 23, puska-biltzen ibili ostean, inauteri dantzak egiten dira plazan.
Lizartzako dantzariak zuriz janzten dira, koloretako zapi handiekin eta txapel, gerriko eta zinta gorriekin. Otsolar dantza taldeak egiten duen Ihaute dantza da herriko inauterien elementu bereizgarria.
Amezketa:TalaiDantzariak,orain50UrteBerreskuratutakoOndarea
Amezketako landa inauteriak 1976ean berreskuratu ziren, herritar zaharren laguntzarekin. Gerra aurretik egiten zen dantza da hau, gerra garaian egiteari utzi zitzaion eta frankismo garaian hainbat oztoporekin urte batzuetan mantendu zen arren, urte luzez eten zen tradizioa 1976.urtean berreskuratu zen arte. Aurten, 2025ean, 50 urte beteko dira tradizioa berpiztu zenetik, eta inoiz baino dantzari gehiago espero dira ospakizunean.
Martxoaren 1ean eta 2an, puska biltzen ibiliko dira baserriz baserri. Talde bat Bedaio aldera eta bestea Arrondo, San Martin eta Altunegi aldera. Igandean, Ugartetik Amezketara bidea talde batek eta besteak Zubillaga auzoa. Goiz-eguardi aldera Amezketa herrian barna ikusi ahalko dira.
Makil dantza azkar eta bixi batekin lagunduta, mahonezko galtzak, alkandora txuria, abarkak eta koloretako zapiak jantzita. Batzuk txapel beltza eta beste batzuk apaindutako txapel gorria erabiltzen dute (txapel gorri batzuk 2019.urtean berreskuratu ziren keinu gisa). Jatorrian beste jantzi batzuekin ateratzen ziren arren, berreskuratu zenean parte hartzea sustatzeko sinplifikatu zen arropa eta parte hartzea indartzea lortu du Amezketak. 30 dantzari inguru ateratzea lortzen baitute urtero.
Talai dantzariek garai bateko ohiturak dakartzate plazara.
Abaltzisketa:TxantxoaketaPuskaBiltzearenMagia
Txantxoak 1989tik urtero ateratzen dira Abaltzisketan, baina badakite 1930ean ere bazirela, beraz ezin jakin tradizio hau noiztik datorren. Martxoaren 2an, goizeko 8etan hasten dira baserriz baserri puska biltzen, Orendain aldetik hasi eta arratsaldean Larraitz aldera jarraituz.
Txantxoen jantziak bereziak dira: alkandora eta galtza zuriak, zintekin apainduta, gerriko gorria, koloretako bi mantoi sorbaldetan eta txapela gorri bereizgarria. Mozorroa, zesteroa eta soinu-jolea ere ez dira falta taldean. Bestela zeinek pasako du erratza dantza egin aurretik? Zeinek bildu puskak zestoan? Zein musikarekin dantza egin?
Landa Inauterien Garrantzia eta Biziraupena
Nahiz eta herri bakoitzean bere berezitasunak izan, landa inauteriak herritarren arteko loturak sendotzen dituzten ospakizunak dira. Belaunaldi ezberdinen arteko harremanak indartzen dituzte eta euskal kulturaren zutabe diren dantzak kalera ateratzeko aukera ematen dute.
Tolosaldeko inauteriak ez dira soilik Tolosako hiriko kaleetan bizi: Aralar magalean eta Araxes ibaiaren ertzetan ere dantzan jarraitzen dute, baserri atariak kolorez betez.
Ez galdu inauteri berezi hauek! Ikusi agenda eta bizi euskal tradizioa bere esentzia garbienean.
Argazkiak: Tolosaldeko Ataria, Tokikom eta Dantzan.eus