Berastegi | PR: Ibilbide motzak
Uliko bidea
PR-Gi 111 | BERASTEGI
← Itzuli mendi ibilbideen zerrendara

Uli inguruak garrantzi handia izan du historian zehar, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen zituen bide nagusietako bat igarotzen baitzen bertatik. Gaur egun aterpe bat eta iturri dotore bat aurki ditzakegu bertan.
Herriko plazaren ezkerretik irtengo gara parrokia-etxeraino. Eskuinera jo, eta eskolara iristean, ezkerreko bidea hartuko dugu Ugalde baserriraino; baserriaren ondoan dagoen zubia zeharkatu, eta eskuinaldeko pistatik jarraituko dugu Zuikin baserriraino. Basoan gora doan bidetik jarraituko dugu. Baso mistoa da, eta gaztainondoak dira nagusi. Ezkerreko aldapa amaitutakoan, San Sebastian ermita ikusiko dugu. Gero, eskuinera hartu eta pagadi batean sartuko gara; aurrerago, alertzeak aurkituko ditugu. Juangoenaren borda eta txabola atzean utzi eta hortik Lizartokira abiatuko gara. Lizartokitik, Amerikoren borda igarota, bidegurutzea dagoen leku batera iritsiko gara, ezkerretara Aresora eta Gorritira joateko, eta eskuinetara Uliko jolas-parkera. Eskuinera egingo dugu, Gaztelurantz Iñarraraino. Iñarratik eskuinera ateratzen den bidea hartu eta Elduaingo ubideraino jaitsiko gara. Aurrera jarraituko dugu, zentral hidroelektriko zahar bat eta Arrateko errota atzean utzita.
Arrateko errota:
Arrateko errotak bi izan ziren. Lehenengo erreferentziak 1518koak dira eta 1954ra arte egon zen martxan. Biek baliatzen zituzten Ulitik datorren errekaren urak garia eta artoa birrintzeko.
Aurrerago, Izotzalde baserrien artean Tourseko San Martin elizara iritsiko gara eta handik plazara igoko gara. 11,5 km-ko ibilbidea egin dugu.
Tourseko San Martin eliza:
Berastegiko San Martin de Tours eliza gotikoa da eta portada XIII. mendeko erromaniko estilokoa da. Elizaren barruan ere elementu aipagarriak daude, erretaula errenazentista eta organoa, esaterako. Elizaren kokapena bitxia da; izan ere, Gipuzkoako herri gehienetan ez bezala, Berastegiko eliza herrigunetik sakabanatuta eta isolatuta dago.
Distantzia
11.7 km
Iraupena
03:30 h
Igoera malda
515 m
Jaitsiera malda
515 m
Hasiera puntua
Berastegiko plaza