XXX Tolosako Babarrunaren Festa
Tolosa | Ekitaldi gastronomikoa
15
Azaroa
Amaitu da itxaronaldia: heldu da Tolosako babarrunaz gozatzeko garaia. Aurten inoiz baino gehiago atzeratu da uzta, eta horrek Babarrunaren Festa eta Euskal Jaia atzeratzea behartu zituen jaiaren antolatzaile diren erakundeak. Aldaketak aldaketa, festa girorik ez da faltako.
Azoka, dastaketa eta bi lehiaketa
Trianguloa plaza izango da jaiaren epizentro nagusia, bertan kokatuko baita Babarrunaren Festako azoka berezia. 15 postu izango dira, 09:00etatik 14:00etara. Hestebeteak, gaztak, eztiak eta, nola ez, babarrunak erosteko aukera izango da.
Plazaren alboetako batean, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXX. Lehiaketa ospatuko da. 06:30ean hasiko dira prestatzen lehiaketan parte hartuko duten 21 ekoizleren babarrunak. Tolosako Babarrunaren Kofradiako kide batek eta Andoni Riaño (Alondegia), Gorka Rico (AMA) eta Pili Manterola (Iribar) sukaldariek osatutako epaimahaiak 12:45ean emango du ezagutara nor den aurtengo babarrun alerik onenaren ekoizlea.
San Frantzisko pasealekuan, berriz, Gure Kaiola elkarteak antolatutako Babarrun Lehiaketa Gastronomikoaren XXXVII. edizioa ospatuko da. 22 lehiakidek parte hartuko dute, 08:30ean hasita, eta ekoizleen iazko lehiaketan txapeldun izan zen Zumaiako Joxe Mari Aramendiren babarrunak prestatu beharko dituzte. 13:30ean iragarriko du epaimahaiak irabazlea.
Uzta berria dastatzeko aukera ere izango da. Babarrunaren Kofradiak 12:00etan babarrun-platertxoak banatuko ditu Trianguloa plazan, eta ondoren, ohitura bihurtu den bezala, herriko elkarte eta tabernetan babarrun-jateak egingo dira.
Euskal Jaia: bi erromeria eta txaranga
Goizean zehar Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Udaberri Dantza Taldea eta trikitilariak ibiliko dira kalez kale.
Arratsaldean, erromeria Berdura plazan.
Erromeriaren ondoren, Jainekin Txaranga ibiliko da kalez kale. Tartean, Gozategi taldearen kontzertua izango da, Plaza Berrian.
Autobus zerbitzua Usabaletik
Usabal industriaguneko eta kiroldegiko aparkalekuak erabiliz gero, zuzenean erdigunera autobusez joateko aukera izango da, doan.
Lau geltoki izango ditu: Usabal kiroldegiko, Oria beilatokiko eta Iruñea etorbideko -Amarotz- autobus geltokietan; handik, zuzenean erdigunera joango da eta geldialdi bakarra egingo du, bidaiariak utzi eta hartzeko: Jon Andoni Irazusta (‘biala’) pasealekuaren hasierako geltokian.
09:30ean hasiko da zerbitzua kiroldegitik eta 14:30ean aterako da azken aldiz, industrigune aldera, Jon Andoni Irazusta pasealekutik. Tartean, etengabe ibiliko da bueltaka. Hiribusak, berriz, ohiko ordutegi eta ibilbidea jarraituko du egun osoan zehar.
EGITARAUA:
6:30 > XXX. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera. Trianguloa plazan
8:30 > Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXVII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera. San Frantzisko pasealekuan
09:00 – 14:00 > Azoka berezia. Trianguloa plazan
11:00 > Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak bere lanari ekingo dio. Trianguloa plazan
11:00 > Buruhandi eta erraldoiak. Tolosatik zehar (Gernikako Arbolatik Trianguloa plazara eta ondoren Alde Zaharreko kaleetan)
11:30 > Trikitilariak. Tolosatik zehar.
12:00 > Dantza ikuskizuna Udaberri dantza taldearen eskutik. Trianguloa plaza (ondoren kalejira Alde Zaharreko kaleetan)
12:00 > Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera. Trianguloa plazan
12:30 > Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak bere lanari ekingo dio. San Frantzisko pasealekuan
12:45 > Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa. Trianguloa plazan
13:30 > Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa. San Frantzisko pasealekuan
14:30 > Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea.
18:00 > ERROMERIA trikitilari, dultzainero eta txistulariekin. Berdura plazan
20:00 > JAINEKIN txaranga. Alde Zaharreko kaleetan
22:30 > GOZATEGI. Plaza Berrian
00:30 > JAINEKIN txaranga. Alde Zaharreko kaleetan